Inventana

InventanaAspaldidanik umeentzako obra bat egiteko irrikan nenbilen. Lehenik eta behin, umeek ikuskizun ederrak ikustea merezi dutelako, eta, bestetik, gure garai goibel honetan esperantza izpiren bat behar dutelako. Nola ez, dantza maitatzen ere erakutsi nahi diet, antzokiaren atarian gisa honetako hitzak entzun nahiko nituzke haien aho-ezpainetatik: "Dantzatu nahi dut", behin batez, niri ere, umea nintzelarik, gertatu zitzaidan bezala. Esan gabe doa umea, ikusle gisa, izugarri ona dela. Aurreiritzirik gabeko begirada gardenez gozatu eta ulertzen du, duda-mudatan ibili gabe.

Funtsean, Inventana k mundu gris eta itogarrian hertsirik dagoen neskatxa baten historia kontatzen du. Neskak giro horretatik atera eta beste mundu batzuk ezagutu nahi ditu. Eta irudimenari eraginez, urruneko leku desberdinetan barna bidaiatzea lortu eta fantasiazko izakiak ezagutuko ditu. Dantzaren mintzoak errealitatea eta irudimena, bakardadea eta adiskidetasuna, beldurra eta kemena iradokiko dizkigu.

Muntaia gauzatzeko lana zoragarria izan da. Artista guztiak bat etorri dira zeharo. Obra ikusi ondotik, jendeak galdetzen dit: "Zer izan zen lehenago: dantza ala musika?". Egia esan, zaila da galderari erantzun zuzena ematea. Paco Iglesiasi ideia bat emanik, bere erantzun musikalak hamaika ideia gehiago iradokitzen zidan.

Isabel Moralesek probasaio anitz ikusi zituen, eta josi dituen jantziak dantzarien mugimendutik beretik sortu dira. Patxi Fuertesen maskarek bizidunon mundura ekarri zituzten pertsonaiak. Bestalde, Carlos Salaberrik, beti bezala, bere argi epelean bildu du dena. Gauza guztien gainetik nabarmentzekoa izan da hilabete luzeetan dantzariekin bizi izandako egunez egunekoa: Ionek, Josunek, Dianak, Letik eta Txorik senez eta bihotzez eutsi diote lanari. Haiek koreografiari egindako ekarpenek nabarmen borobildu dute mugimendua.

Pertsonaiengan biziaren suzia piztu dute sortzeko eta adierazteko gaitasun handia erabiliz. Nik batere dantzarik egin gabe, obraz gozatzeko aukera oparitu didate. Dantzatu ez naizen lehenengo aldia izan bada ere, ez dut larritasunez bizi. Aitzitik, dantzari bikain hauek nire mintzoaren hitz direla antzemanik, gozamen sakona errotu da nire baitan.

Becky Siegel 2007ko urria

Tempomobile haurren munduan sartu da fantasiaz, umorez, magiaz, abenturaz eta esperantzaz betetako ikuskizun bat sortzeko asmoz. Dantzaren bidez, egunerokotasun goibeletik irudimena erabilita alde egiten duen neskatxa baten bizitza kontatzen du Inventana k.

Kolorerik gabeko mundu hurbileko errealitatean hasten da dena. Leihotik txori erraldoi bat sartu, eta berarekin lurralde urrunetara hegan egitera gonbidatuko du neskatxa. Orduantxe hasiko den bidaia zirraragarrian, kolorez, sorpresaz eta izaki harrigarriz beteriko toki ezezagunetan barna ibiliko dira.

Inventana Barañaingo Auditorioak, Zizur Nagusiko Kultur Patronatuak eta Antsoaingo antzokiak ekoitzi dute Nafarroako Gobernuaren laguntzaz. Estreinaldia irailaren 29an izan zen, Barañaingo Auditorioan. Aurreneko bi asteetan zortzi aldiz bete zituen Iruñerriko antzokiak. Umeak zein helduak liluratu eta hunkitu zituen.

Bizitza goibeltzen denean, esperantza leiho ireki bat da...

Multimedia

Irudiak

Bideoa